Txipio
Home » Txipio
Txipio Plentziako auzo bat da, garai batekoa, itsasadarraren bestaldean dagoena. Auzo horrek eremu zabala hartzen du bere baitan: metroaren ondoko aparkalekutik hasi, errepide nagusitik haragoko mendi eta bideetaraino.
Bizitzaz betetako auzoa da, eta bizitegi eta elementu natural ugari ditu: basoak, mendiak, padurak…
Padurak itsasertzeko eremu baxuak dira, mareek egunero urez hartzen dituztenak, eta gatz-afinitateko landarediak estaltzen ditu. Urteek aurrera egin ahala, estuarioaren ingurunea igo bada ere, oraindik ere kontserbatzen dugu Txipioko paduraren zati bat, nahiz eta hainbatetan desagertzeko zorian egon den, eta, horrekin batera, paduran bizi den biodibertsitatea ere bai. XIX. mendearen erdialdetik, padura nekazaritzarako erabili zen. Artifizialki bete zen, eta kanal artifizial zuzenak eraiki ziren itsasadarrerantz drainatzea errazteko, gaur egun oraindik ikusgai daudenak. Urari eusteko dike bat ere eraiki zuten, bi uhaterekin. Handik itsasadarrerantz husten zuten ura, eta, geroago, Barrika-Plentziako errepidea jarri zuten haren gainean.
Mende batez nekazaritzarako erabili ostean, padura abandonatuta geratu zen. Hala ere, mareek, gaur egun jada erabiltzen ez diren uhateen bidez, eragiten zuten estuarioko ura bertara sartzea, eta, horri esker, 50 urtean padura lehengoratzeko prozesu azkar bat gertatu zen. Gaur egun, Txipioko padurak dira Plentziako itsasadarraren barruko ingurumen-eremurik baliotsuena, eta, gainera, babesleku eta atsedenleku garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat.