Isuskiza
Home » Isuskiza
Isuskizari Plentziako abanikoa ere esaten zaio, eta udalerriko txokorik sekretuenetako bat da.
Isuskizari Plentziako abanikoa ere esaten zaio, eta udalerriko txokorik sekretuenetako bat da. Itsasadarrari jarraituz eta Isuskiza inguratuz, Butroeko gazteluraino hel zaitezke, eta, gainera, lasai-lasai pasea zaitezke alderdi baketsu eta atseginetan. Itsasontzi txikiren bat lortzeko aukera badaukazu, ez zalantzarik izan, eta egin ibilbide hau itsasadarrean zehar!
Gaur egun, urbanizazio lasai eta atsegina da, eta bertara iristeko, errepidez gain, itsasadarretik ere igo zaitezke kayak edo SUP oholak erabiliz. Itsasgora denean, atsedenaldia har dezakezu klub sozialaren ondoan dagoen ontziralekuan.
Erdi Aroan (1299 inguruan, Don Diego López de Harok Plentziako hiribildua sortu zuenean), Isuskiza baso bat zen, eta bertatik lortzen zen Plentziako ontzioletan ontzigintzarako erabiltzen zen egurraren zati handi bat. Mendian landatu aurretik, haritz-kimuak haztegietan landatzen ziren, eta bertan forma desberdina ematen zitzaien, ontziko zein aldetarako erabiltzen ziren kontuan hartuta: kroskoaren saihetsetarako, bularrerako eta bular-oholerako; pieza zuzenak mastetarako eta belazurrunetarako. Geroago, kimu horiek mendira aldatzen ziren, behin betiko haz zitezen.
Hala ere, Lehenengo Karlistadaren ondorioz, hiribildua erabateko hondamendi-egoeran geratu zen, eta udal-zorra ikaragarri handitu zitzaion; hainbat hamarkadatan iraun zuen zorrak. Egoera horri aurre egiteko, herri-lurren zati handi bat saldu behar izan zen.