Hiribildu zaharraren jatorria XIII. mendearen lehenengo herenean aurkitzen dugu (1236an, gutxi gorabehera); garai hartan, ikuspuntu formaletik ondo planifikatutako herri bat eratu zen, izaera komertzial nabariaz, merkantziak bere portuaren bidez banatzea xedetzat hartuta, Europako mendebaldean bezala. Itsasadar nabigagarri baten ondoan kokatu zen, barneko munduarekin komunikatzeko xedez. Hori horrela, beraren eragin-eremuaren ardatza itsasadar hori izan zen. Eremu horren beste ezaugarri bat zen bertan baso trinkoak zeudela, zeren handik hartuko baitzen itsasontziak eraikitzeko beharrezkoa zen zura.
Hiribilduko gizonak “itsasoa/ozeanoa” izango zuen bere horizontean, eta horra barneratuko zen arian-arian, itsasgizon aditua bilakatu arte. Erdi Aroaren amaieran, konkordiak eta itunak hasi zen sinatzen Bizkaiko Golkoan indarra hartzen ari ziren beste portu batzuekin.
Butroeko Plazentzia erakarpen gune bihurtu zen, poliki-poliki, itsasgizon, merkatari eta artisauez osatutako klase sozial berriarentzat. Klase berri horrek aurre egin behar zien garai hartan hiribilduan finkatuta zeuden leinu zaharren interesei, hala nola Muxika-Butroe familiaren interesei. Egoera horrek istilu ugari sortu zituen klase berriaren eta leinu zaharren artean, eta horren ondorioa izan zen nobleek boterea galdu zutela, klase burges berriarekin izandako itunak gorabehera.
Bitartean, lehendabiziko udal ordenantzak sortu ziren, eta itsasgizonak San Pedro Jaunaren Marinelen Kofradian elkartu ziren. Harrezkero, oparoaldiak eta garai latzak tartekatu ziren. XVIII. mendea bereziki oparoa izan zen, zeren bertako flota mineralen garraioan espezializatu baitzen. Horrek itsasgizon ugari erakarri zituen, eta, bestalde, hirigintzaren alorrean ere islatu zen: harresiak eraitsi ziren eta lehendabiziko zabalgunea eraiki zen itsasadarraren ondoan, etxebizitza berriak egiteko beharrak bultzatuta.
Konbentzioaren gerrek eta Karlistaldiek pobrezia ekarri zuten Hiribildura: itsasontzien eraikitzaileek alde egin zuten, eta itsasgizonak itsasoz haraindiko ibilbideetan espezializatu ziren; horri begira, lehendabiziko ikasketak Marinelen Kofradiak bultzatutako Nautika eskolan egiten zituzten (XVIII. mendea). Era horretan, XIX. mendea iritsita, hiribildua bizitegi-eremu bihurtu zen, marinako kapitain eta ofizialez eta indianoz osatutako klase sozial berri batean oinarrituta. Biztanle berriak bizitza ekonomikoa bultzatzen saiatu ziren, trenbidea ekarriz eta eskabetxe eta kare lantegiak jarriz. XX. mendearen lehenengo herena iritsita, lantegi horiek gainbehera joan eta desagertu egin ziren.
Harrezkero, bainuetxe eta udaleku moduan aukeratu zuten Plentzia; gaur egun, berriz, zerbitzuen sektorean kontzentratutako bizitegi-eremu bihurtu da.
Informazio gehiago: Museo Plasentia de Butrón