Ikuspuntu estetikotik begiratuta, erakinak ez du interes handiko apaingarririk, kanpai-dorre moduko kanpai-horma labur bat eta beraren aurrealdeko bao itsuak izan ezik. Ikuspegi arkitektonikotik, berriz, esan behar da gugana iritsi den eraikinak oinplano angeluzuzena duela, nabe bakar batean banatuta, koruarekin; argia hiru bao zirkularretatik sartzen da, eta sarrerako atea arku zuzenekoa da, baina iraganean babesten zuen erlaitz metalikoa desagertu da; eskailera txiki batez sartzen da bertara. Fabrika harlangaitzezkoa da, luzitua eta kareztatua; fatxada nagusiaren piñoia bao bateko kanpai-horma batez bukatzen da, eta teilatua bi isurikoa da.

Jatorrizko eraikina 1906an erreformatu zen, José Bilbao Lopategui obra-maisuaren proiektuaren eta zuzendaritzaren arabera; lana gauzatu zuena, berriz, Marín González de Durana kontratista plentziarra izan zen.

Eraikinak antzinako santutxo batean du jatorria. Horrelako eraikinak Erdi Aroan egiten ziren, herrietan eta harresietatik kanpo, normalean herrietako sarreretan eta bidegurutzetan. Haien helburua zen deboziozko leku bat eskaintzea bidaiariei, beren bidaia-aldian otoitz egin ahal izan zezaten. Hasieran eraikuntza xumeak ziren: idulki bat gurutze edo irudi batekin; geroago, berriz, teilatuz babestutako eraikinen forma hartu zuten, arian-arian, eta era horretan baseliza bilakatu ziren, edo Fruiz, Arrieta edo Fikan daudenen moduko santutxoen forma hartu zuten -hori ohikoagoa da eskualde honetan-. Batzuetan, erakin horiek hildakoen beilatoki gisa erabiltzen ziren, zeren eta, herri tradizioaren arabera, hildakoak jendaurrean utzi behar baitziren behin betiko hilobiratu aurretik.