Plentziako udalerrira egiten den edozein bisitak bere alde zaharreko kale estuak zeharkatzea eskatzen du ezinbestean; izan ere, udalerriak iragan mendean izandako aldaketa sakonak gorabehera, auzo horrek leku historikoen berezko xarma gordetzen du oraindik ere.
Plentziako alde zaharrak hainbat motatako eraikuntza uztartzen ditu, multzo nabarra osatuz; bertan, marinelen antzinako etxeen hondakinak Elizaren moduko eraikin historikoekin nahasten dira. Oraingo Museoaren eraikina (antzinako udaletxea), Muxika-Butroe leinuaren antzinako dorrea -Udaletxe aldapa eta Eleiz Enparantza elkartzen diren izkinan-, eta burgesiak XIX. mendean eraikitako jauregitxoak. Konbinazio arkitektoniko horri esker, herria oso leku erakargarria da ibiltarientzat, tradizioz betetako iragan historikoaren aztarnak aurkitzeko aukera eskaintzen baitio.
Plentzia Hiribildua Erdi Arokoa da jatorriz. 1236aren inguruan, Bizkaiko Jaun Lope Diaz de Harok (1214-1239) bizilekua sortu zuen, eta beraren biloba Diego Lopez de Harok hiri-gutuna eman zion 1299an. Gaminizen lekuan fundatua, itsasadarrarekin paraleloak ziren hiru kale oinarritzat hartuta planteatu zen (Barrenkale, Artekale eta Goienkale), bi kantoiz zeharkatuta (gaur egun, Madalen aldapa eta Udaletxe aldapa). Era horretan, Eleiz Enperantza gainaldean zuen muinoa komunikatzen zen itsasadarrarekin. Hori guztia harresi batez inguratu zen, han-hemenka ate batzuk jarrita -kopurua ezezaguna da gaur egun-; horietatik, Eleiz Enparantzako Santiago Arkua da geratzen den bakarra. Hiribildua 1437an eta XVII. mendearen amaieran hondatu zuten sute ikaragarriek ia Plentzia osoa suntsitu zuten. Hala, zutik geratu ziren eraikin bakarrak Elizaren lantegia, Muxika-Butroetarren Dorrea eta harresiaren zati bat izan ziren; gaur egun, hirigintzaren alorrean egindako esku-hartze sutsuaren ostean, zati hori desagertu egin da.
Oraindik ere detekta daitezke Erdi Aroko partzelazio zaharraren hondakinak, orube estuetan oinarrituta. Kasu batzuetan, gainera, Bizkaiko herrietan ia erabat galdu diren atzeko ortu tipikoak kontserbatu dira.
Herriaren jarduera ekonomiko nagusia, lehen begiratuan pentsatzen duguna gorabehera, ez zen arrantza izan, hasierako etapa batean garrantzitsua izan bazen ere, baizik eta kabotaje-nabigazioa eta itsasontzien eraikuntza. Geroago, ur handitako nabigazioan jardungo zuen, beste portu batzuetako itsasontziekin.