Butroiko Plasentia elkartea

Museo Plentzia

Museoa udaletxe zaharrean dago, dorretxeen tipologiako eraikin batean. Eraikinak kanpoaldean bi armarri ditu, bata uriarena eta bestea Errege-erregina Katolikoena, eta sarrera gainean 1562. urteko inskripzio bat, Martin Perez de Placencya dohaintza-emailearen aipamena duena. Gaur eguneko udaletxea eraiki zenean, 1922an, zaharrean egokitu zituzten eskualdeko eta tokiko epaitegiak eta, oraintsuago, liburutegia.

1999ko urtarrilean Butroiko Plazentia Elkarteak museoa zabaldu zuen Plentzia bertako eta bere eskualdeko historiako hainbat elementu eskuratzeko eta erakusteko. Eraikinak sarrera eta bi solairu ditu.

Erdi Aro aurreko lekukotza gutxi dugu eskualdean. Paleolito Aroko tresna eta erreminta bakan batzuk, eta erromatarren garaiko txanponak, merkataritzarekin zerikusirikoak seguruenik.

Bergantin PlentziaLope de Harok sortu zuen Plentzia, antzinako Gaminiz herriskaren gainean, 1266. urtean. Hasieran Plasentia de Butrón izan zuen izena. Logroñoko forua eman zion Diego Lope de Harok 1299an. Uriaren izena XI. mendetik aurrera agertzen da ituneetan, nabigazio-liburuetan eta mapetan. Oso bitxiak dira mapa-egileek -frantsesak eta holandarrak gehienak- uriari emandako izenak. Jatorritik itsasoa eta arrantza izan zituen jarduera nagusiak; sorrera-agirian aitortua du balea harrapatzeko eremu bat.

Denbora igarota, bertako marinelek kabotajean eta burdin-mineralaren garraioan jardun zuten luzaroan Bizkaiko Itsas Golkoan; mineral-ontziak bestelakoak baino gehiago ziren sasoi batean. Alturako itsasketan ere aritu ziren. XIX. mendeaz gero, Ingalaterrarekin izandako Konbentzio Gerraren eta karlistaden eraginez ia ez zen geratu Plentzian erroldaturiko itsasontzirik eta Plentziako marilenak beste portu batzuetako ontzietan hasi ziren Andaluzia, Ingalaterra, Karibe eta Filipinetako merkataritzak eskaintzen zien itsas-garraioko lanetan.

Bergantin PlentziaBergantin PlentziaNabigazio-arloko eremu guztietan zuen agintea Plentziako itsasgizonen San Pedro Kofradiak. Bertan batzen ziren Barrika, Sopelana, Lemoiz eta Gorlizeko marinelak. Ordenantzarik zaharrenak 1524. urtekoak dira. 1870a arte iraun zuen kofradia hartako hainbat agiri jasota daude, besteak beste, inskripzio-egiaztagiriak, itsasoko zerrendak, agirien erregistroak eta abar.

Kofradiak suspertu zuen Plentziako antzina-antzinako Itsas Eskola; 1933ra arte iraun zuen. XX. mendean kendu zituzten aduana, eskualdeko epaitegia eta itsas-komandantziaordetza ere.

CorrederaInguruetako basoek egur asko eta kalitate onekoa zuten eta, ondorioz, hasieratik izan ziren ontziolak herrian. Itsasontziak egiten ziren lekuan gaur egun dagoen plazaren izenak ontziola haiek gogorarazten dizkigu eta Delmasek XIX. mendearen erdialdera egindako irudi bat ere horren lekuko dugu. Baina Bigarren Karlistadaren ondoren, XIX. mendearen azken urteetan, galdu egin ziren ontziolak.

Itsasadarrak berebiziko garrantzia izan du itsasketa garatzeko. Ikusgai daude Basterra olerkariak biziki goraipatu zuen itsasadar honen trazaduraren zenbait plano ere. Uraren sakonerak lehendik arazoak sortzen bazituen, XX. mendearen hasieran kanpoko moila-muturrak eraiki zirenean, areagotu egin ziren arazo horiek. Horrek, itsasadarra bideratu izanak eta Itsas Osasun-etxerako errepideak urritu eta aldatu egin dute antzinako topografia.

Ontzi-maketek itsasketaren bilakaera azaltzen digute. Erakusgai dagoen zaharrena galeioa da, kargako eta, batera, guduko ontzia, itsas zabaleko nabigazioan funtsezkoa XVI. eta XVII. mendeetan. Hurrengo mendean, XVIII.ean, beste motatakoak agertu ziren: fragatak, goletak eta bergantinak. Ondoren, XIX. mendean, cliperrak, oso ontzi bizkorrak, eta, mende-azkenean, baporeak; belakoek atzera egin behar izan zuten orduan. Itsasontzien erakusketa osatzeko XX. mendeko merkataritza-ontziak, bidaiari-ferryak eta petroliontzi erraldoiak ikus daitezke.

Maketetariko batzuk zin-opariak dira, elizetako gangetatik esekita jartzekoak. Zin-opariak dira itsasontzien zenbait koadro ere, ontziak ekaitz erdian harrapatuta erakusten dizkigutenak Beste batzuk gomutagarriak dira, bat edo beste tripulazioren bateko lagunen batek margotua.

Solairu bietan ikusgai daude Plentziako marinelen edo Itsas Eskolako ikasleen argazkiak. Horietako bat Nikolas Olagibel Esnalena dugu. Plentzian jaioa, ontzi-jabea, bankaria eta merkataria, XIX. mendeko erdialdean itzal handia izan zuen Bizkaiko politika-ekonomietako arloan. Ibilbide arrakastatsu bezain nekezaren lagina da ekimeneko plentziar haren bizitza, Bigarren Karlistadan aukeratu zuen afiliazioarengatik kalteak jasan behar izan zituen gizon harena. Bigarren solairuan nabigazioko tresnak daude ikusgai, astroak behatzeko eta nabigatzeko tresnak: kataloxak, oktanteak, sestanteak, planiesferioak, nabiesferak, konpasa eta alidada besteak beste; badira abiadura neurtzekoak ere (adibidez, korrikina), eta baita itsasontzietako osagaiak ere: argiak, kanpaiak, lema, sukaldeko eta bestelako ontziak eta abar.

Itsasketari buruzko zenbait agirik osatzen dute erakusgai dagoena; ikusgai daude, besteak beste, nabegatzeko mapak, merkataritzako gutunak (pleitak), nabigazioko egunkariak, ontzien itsasbideak, pilotuen izendapenak, itsasontzien argazkiak, astronomiari eta nabigazioari buruzko tratatuak, maniobrak eta abar.

Informazio gehiago: museoplentzia.org

Aranburu Farmazia – Museoa

Farmacia Museo Aramburu

888ko urtarrilaren 4an, lehenengo aldiz ireki zituen Pedro Aramburu Mendieta jaunak farmazia honetako ateak. Geroztik, astez aste, bere eginkizun sanitarioari lotu zaio etengabe, hainbat eta hainbat zeregin profesionaletan: formula magistralak landu, analisi kimikoak, bromatologikoak, klinikoak…

Botikan sartu, eta bertan urte luzeotan barrena erabili izan diren produktu eta lanabesak aurkituko ditugu. Azken mendean sendagaiek bizi izan duten eboluzioa erakutsi nahi dugu; lehengo produktu naturalen ordez produktu kimikoetarainoko bilakaera, formula magistralen ordez espezialitate farmazeutikoetara. Gainera, farmazialarien lanbideak analisien arloarekin eta beste arlo zientifiko batzuekin izandako lotura aurkeztu nahi izan dugu.

Erakusketak botikaren jatorrizko guneak okupatzen ditu, hasierako labotaregia eta antzinako botikaostea, solastoki interesgarriak izandako lekuak, Miguel Unamuno bezalako intelektualen topalekuak.

Erribera 20, 48620 Plentzia (Bizkaia)

Informazio gehiago: farmacia-museoaramburu.org