Landa-izaerako eraikin bitxia, hirigunean txertatua, Santa Maria Magdalena parrokia-elizaren burualdearen atzean. Izenak adierazten duenez, herriko Santiago arku edo portaletik gertu zegoen, herriko harresian; leku hori Gorlizko elizatera zihoan bidearen abiapuntua zen, Portaleta kaletik -izen horrek ere portal hori du erreferentziatzat-.

Goñi Portalen egoerak okerrera egin zuen aurreko mendean, halako moldez non etxebizitza izaera galdu baitzuen laurogeiko hamarkadan, aurri zorian baitzegoen. Horrek berehala esku hartzera behartu zuen Udala, Plentziako Alde Zaharrean kokatutako landa-arkitekturako elementu bitxi hori babesteko xedez. Izan ere, Alde Zaharra Ondasun Kultural deklaratuta dago, Multzo Monumental moduan, Euskal Kultur Ondarearen Inbentarioan, eta baita eremu Arkeologiko moduan ere. Halaber, Alde Zaharra Zaharberritzeko Plan Berezian ere interes arkitektoniko handia aitortzen zaio. Horrenbestez, eraikin hau oso baliagarria da historiaren, arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspuntutik, erabilera kulturaletara zuzentzeko.

Dokumentuek frogatzen dute eraikin hau eginda zegoela XVII. mendearen bigarren zatian. Haren eraikuntza-elementu batzuk ere beraren antzinatasunaren lekuko dira, hala nola egituraren eskuineko oinak, hots, atariaren habe zuzenaren euskarriak. Herriaren harresitik kanpo -Gorlizko mugarriaren ondoan- nekazaritza-zereginetara zuzendutako lehenengo eraikin horrek oinplano lauangeluarra zuen; beheko solairuan, korta eta eskailera zentralaren zuloa zegoen; etxebizitza, berriz, solairu nagusian zegoen, eta bi isuriko teilatuaren azpian bazegoen ganbara bat. Eraikina XVII. mendean handitu zuten, alboetako horma-arteak eraikiz, mandio baten bitartez sarbide independentea izango zuten bi etxebizitza gehitzeko xedez. Zabalkuntza horren jatorria etxebizitzen eskariaren igoera izan zen, zeren nabigazioaren gorakadak hazkunde demografiko nabaria ekarri baitzuen garai hartan. Baserriak bere landa-izaera nabarmena galduko zuen arian-arian, hirigunean integratu arte.

Informazio gehiago: museoplentzia.org